Bigarren urteko lauhileko honetan egingo duzun Mikroekonomia I ikasgaia idor samarra da, eta ziurrenik ikasten hasi orduko pentsatuko duzu ez duela inolako ikuskizunik bizi dugun errealitatearekin. Aldez aurretik adierazten dizut abstrakzioan kokatzeko ahalegin berezia egin beharko duzula, eta zure matematikazko ezagutza ere agerian jarri beharko duzula ikasgai hau gainditu nahi baduzu. Nolanahi ere, pazientzia pixka bat eta ahalegintzea eskatzen dizut. Ni neure aldetik saiatu naiz ikasgaia ahalik eta eramangarriena izan dadin. Sarrera labur honetan ahaleginduko naiz abstrakzio horren zergatia azaltzen, eta hartan biltzen diren gaien haria zein den zehazten.
Labur bada ere egin dezagun sarritan sortzen zaizkigun arazo ekonomikoen analisia. Kontsumitzaile bakoitzak, gutako bakoitzak alegia, egunero hartu behar izaten ditu erabaki ekonomikoak: kontsumo-ondasunen zenbatekoa erabaki behar du (elikagaiak, arropa, garraioa...), eta horretarako aurrekontua izan behar du; aurrekontu hori ia beti mugatua izaten da. Jakina, ondasunen konbinazio komenigarrienak hautatuko ditugu, edota ekonomiaren hizkuntzan esanda, gure baliagarritasuna maximizatzen dutenak. Hortik sortuko dira eskari-funtzioak: erosi nahi den ondasun bakoitzaren zenbatekoaren eta bere aldagarri esplikatiboen arteko harremanaren adierazpen matematikoa. Funtzio horietatik abiatuta, ondasunak azaldu ahal izango ditugu bi elementuren arabera: prezioak eta errenta. Esan daiteke bi elementu horiek erabakigarriak izaten direla hautaketa gehienetan. Ondasunek bi elementu horien aurrean izandako erantzunetik sortzen dira luxuzko, premia biziko edota beheragoko mailako ondasunaren definizioak; baita ordezko ondasunen, ondasun osagarrien eta indiferenteen sailkapena ere. Ohart bedi definizio horiek ez datozela bat arruntean erabiltzen ditugun kontzeptuekin, bereziki premia biziko eta luxuzko ondasunen kasuan. Izan ere, Ekonomian hizkuntza berezitua erabiltzen dugu, eguneroko jardunean ez bezala. Gaiak ikastean ikusiko duzunez, edozein ondasun izan daiteke luxuzkoa edo premia bizikoa gizabanakoaren, bere baliagarritasun-funtzioaren eta errentaren arabera. Aurrerago ikusiko denez, ondasun guztiak luxuzkoak dira hasieran errenta baxuentzat, eta gero beheragoko mailakoak bihurtzen dira errenta aski altuentzat (automobila luxuzko ondasuna zen XX. mendearen 60ko hamarkadako Espainian; garai hartan jende guztia saiatzen zen autoa erosten egoera ekonomikoak hobera egiten zuenean. Gaur egun premia biziko ondasuna da; areago, beheragoko mailakoa ere bada gero eta handiagoa den talde jakin batentzat: autoaren ordez hegazkina erabiltzen dutenentzat kanpoko bidaietan, eta taxiak hiri handietan).
Egunero sortzen zaigun beste arazo bat da erabakitzea zenbat ordu ematen ditugun lanean. Optimizazioaren arazotzat hartzea, hots, konponbide onena bilatzea, da seguruenik arrazoizkoena. Aisia lanaren “beste alderdia” besterik ez denez (gure denbora erabiltzeko beste aukera, hasieran behintzat), horrek ezinbestean dakar lanaren eta aisiaren artean hautatzea, eta, ondoren, kontsumoaren eta aisiaren artean hautatzea (lanik gabe ez dago errentarik, eta errentarik gabe ez dago kontsumorik).
Baina gure eguneroko errealitatea askoz konplexuagoa da. Alde batetik, gure hautuak ziurgabetasunaren menpe egon ohi direlako: ez dakigu bihar zer gertatuko den, ezta bizirik egongo garen ere. Ezer ez da segurua, eta ziurgabetasunak gure hautuei eragiten die. Gainera, ez ditugu erabakiak hartzen kontuan hartu gabe iraganean egin genuena eta etorkizunean egingo duguna. Alegia, denborak ere zerikusia du gure ekintzetan. Denbora da elementu nagusia automobila edo etxebizitza erosten denean: ia inork ezingo luke eskura erosi autoa edo etxebizitza, epekako ordainketen programaziorik gabe; eta horrek erabat baldintzatzen du une oro beste ondasunetan gastatzen duguna.
Amaitzeko, bigarren urteko kontsumitzailearen Mikroekonomiako eskuliburuetan agertzen ez diren hainbat gairi helduko diegu. Interesgarria iruditu zait halakoak hona ekartzea ikasleek ikus dezaten errealitatetik oso gertu koka gaitezkeela: gizakiok ez gara bakartuak bizi, familietan baizik, eta haien barnean hartzen ditugu erabakiak; eta beste senideek egiten dutenak eragina du erabaki horietan (hona adibide bat: uste dut inor gutxi joango litzatekeela bere borondatez “Sirena Txikia” ikustera, baina haurrek eskatu egiten dute). Eta familia-bizitzari denbora eman behar zaio, ondasunak “elaboratzeko” bada ere (janaria prestatu, lisatu...). Azkenik, bada beste erabaki garrantzitsu bat eskuliburu askok jasotzen ez dutena: pilatuta ditugun era guztietako ezaupideek eragiten diote irabazten dugunari, gure alokairuari. Ekonomian giza kapitala deitzen zaio horri. Eta giza kapital hori osatzeko behar dugun denbora beste jarduera batzuei kendu behar diegu, lanari edota familiari, adibidez.
Hau da gutxi gorabehera gure errealitatearen deskripzio bat. Honela laburtu dezakegu: ondasun zenbateko zabalaren artean egiten dugu gure hautua; ondasun horiek modu ezberdinetan sailka daitezke, errentaren eta prezioaren aurrean duten “erreakzioa”ren arabera; horretarako gure lanak ematen digun errenta hartzen dugu kontuan; errenta hori lanean ematen ditugun orduen eta gure prestakuntza mailaren araberakoa izaten da. Horretaz guztiaz gain, mundu zalantzagarri batean bizi gara, eta, denboraldi bat bakarrik bizitzen ez dugunez, denboraren mugapean hartzen ditugu erabakiak. Azkenik, gizartearen beste kide batzuekin bizi gara, eta haiei eskaini behar diegu gure denboraren zati bat; haiek eragiten dute gure erabakietan, eta guk haienetan. Uste al duzu gu bezalako eragileen jokabidea eredu bihur daitekeela sinplifikazioaren arriskurik gabe? Zaila da oso, eta, batez ere, matematika konplexutasun handikoa; ez da gomendagarria bigarren urteko ikasleentzat.
Jokabide hori eredugarri bihurtzeko dago kontsumitzailearen Mikroekonomia. Suposizioen bitartez sinplifikatuz joango gara eredu bat lortzen dugun arte: eredu erraza, baina gizabanakoek esperimentatzen dutenarekin koherentea. Bistan da ez dugula guztia azalduko, baina jokabide horretara hurbiltzea besterik ez da bilatzen oraingoz.
Hasteko, bitan bilduko ditugu aurre egin behar diegun ondasun guztiak. Horrela, optimizazioaren arazoa azter daiteke bai matematikako terminoetan, bai analisi grafikoa eginez. Aurrerantzean ez dugu ondasun askoren artean hautatu beharko, bi ondasun-multzoren artean baizik, eta horrek ikaragarri errazten ditu bai aurrekontuaren murriztea eta baita baliagarritasun-funtzioa ere; halaber, eskari-funtzioei irtenbide errazak ematea ahalbidetzen du.
Badira sinplifikatzeko egiten diren bestelako suposizioak ere, arazoa hasierako urratsetan aztertzen denean behintzat: errenta lanaren menpean ez egotea (badugu errenta bat baina ez dakigu nondik datorren; hala ere, ondasunak eskatzeko aukera ematen du); gizabanako bakoitzak bere erabakiak hartzeko ahalmena izatea, inoren eraginik izan gabe; erabateko ziurtasuna izatea; bizi duen aldia soilik hartzea kontuan.
Hemendik aurrera eredua erraz azter daiteke, bai matematikoki, bai grafikoki; baita irtenbideak ere. Horrek, gainera, ondasunen jokabidea egiaztatzeko aukera ematen digu oinarrizko parametroak aldatzen direnean: errenta eta prezioak. Gutako edozeinek jakin nahiko luke nola egin aurre prezioen edota errentaren igoerari. Eta gobernuentzat ere garrantzi handikoa da igoera horietaz jabetzea (elastikotasuna izendatzen duguna). Adibide bat jarriko dizut: 2005ean petrolioaren prezioa ia %25 igo da. Gobernuarentzat berebiziko garrantzia zuen jakiteak nola erantzungo zuten gizabanakoek (elastikotasuna), bere diru-sarreren zati handi bat erregaien zergen baitakoa baita. Erreakzio bizia izan balitz (eskariak behera egitea nabarmen 1 baino elastikotasun handiagoarekin) diru-sarrerak gutxitu egingo ziren, eta hori berri txarra da gobernuentzat eta petrolio industrientzat. Aitzitik, eskariaren erantzuna eskasa izan denez, guztientzat izan da onuragarria, gasolinaren prezioa ordaintzen dugunontzat izan ezik.
Eta adibide honek beste bi gairekin du lotura, ikasle batzuei ulertzen zaila gertatzen zaiena: agregazioa eta kontsumitzailearen soberakinaren, aldakuntza konpentsatuaren eta aldakuntza baliokidearen kontzeptuak. Gizabanako guztiok ez gara berdinak, eta horrenbestez gure jokabidea kontsumitzaile gisa ere ez da berbera. Eta hortik ondorioztatzen da eskari-funtzioak ere ez direla berdinak. Horregatik, ezaugarri desberdinak dituzten gizabanako-taldeen eskariak eransten ditugunean, erantsitako eskariaren kurba ez da lerro zuzena, baizik hainbat atal dituen lerro bat. Gainerako kontzeptuak ondokoak dira: kontsumitzailearen soberakina da ordaintzeko prest dagoenaren eta ordaintzen duenaren arteko diferentzia; aldakuntza konpentsatuaren eta baliokidearen kontzeptuak jasotzen du gizabanakoari eman behar zaiona lehengo egoerari eusteko edota prezioen aldaketak direla eta konpentsatzeko. Oso ideia sinpleak dirudite, are inozoak, baina hainbat kontutan –KPIren igoeraren ondorioz pentsioei ematen zaizkien konpentsazioak bezalakoetan, esaterako– askoz ere banaketa bidezkoagoa ahalbidetuko luke egun aplikatzen dena baino.
Kontsumitzailearen teoriari eskaintzen zaion atalaren amaian aztertzen dira zabalkuntzak. Arestian esan bezala, zabalkuntzak errealitatera zer edo zer hurbiltzen saiatzen dira; hori bai, banaka-banaka, zailtasuna gutxitzearren: kontsumoa/aisia hautaketa; ziurgabetasuna; eta denboren arteko erabakia. Etxeko ekonomien gaia teknikoki konplexuagoa da, eta horrexegatik azterketetatik kanpo gelditzen da; giza kapitalaren teoria ere aski konplexua da, eta azterketan test erako galderen bitartez neurtzen da. Eta gastuen minimizazioaz esan daiteke optimizazioaren arazoa beste alderdi batetik ikustea besterik ez dela: norberak duen errenta eta prezioak kontuan izanik, erabilgarritasun erabatekora ailegatzen saiatu ordez, iritsi nahi duen erabilgarritasuna ezartzen du eta galdetzen zein den gutxieneko gastua hara ailegatzeko. Horrela esanda erraza dirudi, baina matematikoki zailtasun handiagoa du.
Azkenik, hiru gaitan aztertzen da enpresaren jokabidea, baina oraingoan, sinplifikatzeaz gain, beste ikuspegi batetik heltzen zaio arazoari: “izan beharko lukeena” da irizpidea eta ez jadanik “dena”. Enpresek ekoizpen-funtzio bat erabili beharko lukete beren faktore produktiboak konbinatzeko, eta eraginkortasun teknikoa zein ekonomikoa bilatu beharko lukete. Besterik da halakorik egin dezaketen edo ez. Halaber, kostuen egitura osoaren berri izan beharko lukete beren irabazia maximizatzeko; aukera hori hartu beharko lukete beren optimizazio prozesuan. Eta merkatua lehia perfektukoa balitz –ekonomialari ortodoxoen arabera, ekonomiaren aginduak gobernatuko lituzkeen merkatua– optimizazioaren irtenbidea hartu beharko litzateke aintzakotzat. Gainerakoan, merkatuetan inperfekzioak sartzea Mikroekonomia II ikasgaian ikusiko da.
Hauxe da ikasgaiaren oinarrizko ikuspegia. Berriz ere gomendatzen dizut abstrakzioaren egitura hau gogoan izan dezazun. Izan ere, behin hura gainditu ondoan kontsumoaren mikroekonomian sakondu nahi baduzu, era askotako bideak izango dituzu zabalik: suposizioak deuseztatzea (gero eta eredu konplexuagoak eginez), edota ikuspegi ez horren ortodoxoez baliatzea (horren inguruko hastapenak Robert Frank-en lanetan aurki ditzakezu egoki azalduta); bide horiek guztiak mundu errealago bati loturik ageri dira, eta baita gertuko sentitu duzun ekonomiaren atal batekin ere, marketinarekin: gezurra irudituko zaizun arren (halaxe iruditzen zaie ere marketineko aditu zenbaiti) kontsumitzailearen teoria ekonomikoan aurki daitezke marketinaren oinarriak.
Zorte on.
